Bazen behin, Lekaroz izeneko herri ttipi bat, Nafarroako iparraldeko landa eremuan kokatzen zena. Herria oso txikia bazen ere, eskola xume bat aurkitzen zen bertan eta bertara, goizero-goizero, herriko 12 haur gerturatzen ginen, irakaslearekin batera gauza berriak ikasteko gogoz.
Egun batean, korroan ginela, Manexek baratzearen inguruko kezka bat plazaratu zuen eta, horren harira, jakin-mina sortu zen gugan: “zein desberdintasun dago estali gabeko baratzeen eta negutegien artean?” “zergatik Saharako ikaskideak ez zuen bere herrialdean behin ere horrelako baratzerik ikusi?”
Gure interesetatik eta kezketatik abiatuta, hiru astetan zehar landu genuen baratzearen eta baserriaren gaia. Eta, horretarako, jarduera desberdinak burutu genituen herrian. Jakin nahi al duzue zer egin genuen???
Alde batetik, zenbait IRTEERA egiteko aukera izan genuen, herriaren kokaleku bikaina probestuz; esaterako, behin baino gehiagotan amona Joxeparen baserrira joan ginen eta herriko mahatsondoa ere bisitatu genuen ikaskideok. Horrela, eskolatik kanpo eta naturarekin harremanetan gauza asko ikasi eta esperimentatu genituen: baserriko bizimodua hurbiletik ezagutu genuen, animaliak elikatu, jolas baten bitartez baserriko eta baratzeko tresnak ikasi eta baita produktuen eraldaketan sakondu ere. Begira zenbat gauza ikasi genituen!!
- Oiloak arraultzak jartzen ditu eta, gero, horiekin tortilla bero-beroa prestatzen dugu.
- Zuhaitzetik mahatsak hartu eta, ondoren, mosto goxoa egiteko erabiltzen ditugu.
- Baratzetik tomate frexkoak hartzen ditugu eta, horri esker, makarroiekin jateko tomatea egin dezakegu.
Irteerak alde batera utzita, BISITA ezberdinak ere jaso genituen eskolan, aunitz gustatzen baitzaiku familiekin zein herritarrekin batera ikastea. Adibidez, herriko Martin baserritarra hurbildu zitzaigun eta, ezetz asmatu? Berarekin txorimaloak zertarako erabiltzen diren ikasi genuen! Gainera, alternatiba gisa CDen erabilera ere aipatu zuen eta bakoitzaren alde onak zein txarrak eztabaidatu genituen korroan. Bisita horren ondorio gisa, eskolako baratzerako txorimalo bat egingo genuela erabaki genuen. Oso polita gelditu zen gure txorimaloa!
Gainera…. badakizue? Estali gabeko baratzeetako barazkien eta urtaroen artean lotura estua dagoela ikasi genuen eskolan eta, aldi berean, negutegiak zer diren eta zertarako erabiltzen diren azaldu zigun irakasleak. Guk ez genekien udan jaten ditugun tomate goxoak neguan ere jan daitezkela! Eta baratzeko tomateak aunitz gustatzen zaizkigu!!! Hortaz, plastikako orduetan eskolarako negutegi bat eraikiko genuela erabaki genuen. Batzuk materiala ekartzeaz arduratu ziren, beste batzuek neurriak hartu zituzten, materiala moztu, eraiki eta, azkenik, denon artean apaindu genuen! Bakoitzak, bere gaitasunen arabera, zerbait aportatu zuen modu horretan.
Azken egunean, jaialdi berezi bat ospatu genuen herrian! Horrela, gaiari amaiera eman genion eta ikasitakoaz hitz egin genien neba-arrebei, gurasoei, aiton-amonei eta herritarrei. Lehenengo, baratzearen inguruan prestatu genuen antzerkia antzeztu genuen. Bertan, hiru asteetan zehar landutako hainbat gai islatzen ziren; adibidez, estali gabeko eta estalitako baratzeen arteko desberdintasunak. Ondoren, hiru asteetan zehar landutako muralaren, txorimaloaren eta negutegiaren erakusketa egin genuen; eta, horrekin batera, zenbait azalpentxo eman genituen. Azkenik, jaialdiarekin amaitzeko… ezetz asmatu??? Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Amalur ikuskizunaz zuzenean gozatzeko aukera izan genuen. Baina, ez hori bakarrik!! Gainera, abesti eta dantza ezberdinetan parte hartu genuen haurrok, psikomotrizitateko eta musikako saioetan landu genituelako. Orain, zuekin batera, horietako bat egin nahi dugu hemen. Animatzen zarete???