Aupa lagunok!
Gaurkoan, Irrien Lagunak taldea aurkezten dugu. Talde hau Nekane Astiz, Ane Alonso, Aiora Danboriena eta Leire Elizaldek osatzen dugu. Burutu dugun lan honetan gure Haur Hezkuntza garaiko zenbait momentu Curriculum ofizialarekin lotzen saiatu gara bakoitzak aukeratutako argazki batzuen arabera. Dakizuenez, Haur Hezkuntza bi ziklotan banatuta dago: zero urtetik hiru urtera bitartekoa da lehen zikloa, eta hiru urtetik sei urtera bitartekoa bigarrena. Loturak egiterako orduan, gure argazkiek bi ziklo hauetatik bigarren zikloko etaparekin amankomunean gehiago dutela konturatu gara, beraz, honetan zentratuko gara.
Curriculuma zati desberdinetan zatitzen saiatu gara, sailkapena ulergarriagoa izateko asmotan. Lehenengo, nortasuna eraikitzerako orduan dauden ideia desberdinak bat egiten ahalegindu gara. Egia da, ez dugula laurok batean ideia guzti horiek gure argazkiekin amankomunean lotzeko aukerarik izan, hala ere, badira batzuk identifikatuak sentiarazi eta lauron argazkietan islatzen direnak. Zentzumenak gorputza eta kanpo-errealitatea arakatzeko erabili ohi ditugula izan da ideia horietako bat, sentsazio eta pertzepzio desberdinak hautemateko edota ezagutzeko aukera emanik. Ideia zabal hau gehien bat gure haurtzaroan egin ditugun txango ezberdinekin lotu dugu. Honen guztiaren atzean lanketa bat eman ohi da, azken finean, ekintza aitzakiatzat erabiltzen baita zenbait helburu betetzeko.
Nortasuna garatzeko orduan, zentzumenetatik jasotzen duguna alde batera utzita, jolas sinbolikoa aipatu dugu. Denok ados gaude egoera erreal edo irudizkoak eta pertsonaia desberdinak antzeztu ditugula gure bizitzako momenturen batean, eta hau, guk aukeratutako argazkietan ageri da. Betiko jolasen inguruan aritu gara, hala nola, aita eta ama jolasak, panpinekin rol desberdinak, andereño eta ikasleetan … Txokolatezko txanponen bila egindako esplorazioak ezin dira aipatzeke gelditu, hauek ere joko sinbolikoaren iturri baitira.
Horrelakoetan, gorputza eta emozioak autoerregulatzen ikastea ere ona izaten da; dena den, pausoz-pauso eman beharreko garapena izan ohi da aipatutakoa. Hau lantzeko eta garapen hori aurrera eramateko gure argazkietan ageritako zenbait jarduera edota ekintza aipatu ditugu. Euskal dantza izan da horietako bat, gorputza lantzeaz gainera, ekitaldi baten aurrean, urduritasuna kontrolatzen ikasten ohi delako adibidez. Ospakizunak ere, iñauteriak eta Olentzero bezalakoak adibidez, ezin dira aipatzeke gelditu, askotan urduritasunak, poztasunak, jakin-minak… bat egiten dutelako. Bukatzeko, psikomotrizitate gelako Everest-a etorri zaigu burura, argazkietan ageri ohi den bezala, urduritasunaren eta ezin egonaren iturri izaten baitzen. Azken ariketa honek norberaren ahalmen motorrean dugun konfiantzarekin lotzeko balio izan digu, parte hartzea handitzeko garrantzitsua izanik. Horrelako ekintzek, gainera, ekintzarako ekimena eta trebetasun berriak ikasteko jakin mina sortarazten dutela ere ohartu gara.
Hala ere, lehen aipatutako emozioak autoerregulatzen ikasteaz gain, garrantzitsua iruditzen zaigu norberaren eta gainontzekoen sentimendu, emozio, oinarrizko behar eta interesak adierazteko, identifikatzeko eta erregulatzeko gai izatea, horrela, laguntza onartu edota hori bilatzeko ahalegina egiten dutelako haurrek. Ideia hau, goizero Ttantto, Txirritx eta Xangorekin korroan biltzean ageri dela antzeman dugu, bertan gure kezka, sentimendu, nahi edota antzekoak azaleratzeko aukera izaten genuelako. Horrela, gure beharrak adierazteko denbora genuen, besteenak ere entzunez eta identifikatuz.
Emozioak alde batera utzita, eskuen trebetasunean zentratuko gara. Etapa honetan, eskuen trebetasunak koordinatzen eta kontrolatzen hasten garela nabaria da eta horretarako, zenbait ekintzaz baliatzen dira irakasleak: jokoak, tailer desberdinak, Olentzero eta antzeko ospakizunekin loturiko eskulanak, Arrateko koadroa… Bertzetik, horrelako ekintzetan interesa izateaz gain, eguneroko bizitzarekin lotutako lanetan eta jolasetan laguntzeko interesa izatea ere garrantzitsua izan ohi da. Horretarako, ipuinak aipatu ditugu gure artean, Ttuttulu dortokaren zainketarekin batera. Hala ere, ez da aski trebetasunak eta interesa ekintzetan jartzea. Eguneroko jarduera edo ekintzak antolatzeko ezarritako arauak onartzea eta balioestea garrantzitsua izanen da: siesta gelan pasatako orduetan esterillaren gainean lotan edota txangoetan, bete beharreko zenbait arau zeuden bermaturik aipatutako arlo honetan lagungarriak izanik. Antolakuntza aipatu dugula, ezin da plangintzan azaldutakoa aipatzeke gelditu. Haurrek bertan erabakitakoa betetzen eta errespetatzen ikasi behar dute, behar izanez gero, doituz. Horretarako, gelan egin izan ohi genuen arduradunaren papera arras garrantzitsua izanen da gure argazkietan aipatu bezala.
Bigarren multzo bezala, gizarte inguruan eman ohi diren hartu emanak sailkatu ditugu. Gure ustetan, pertsonen arteko harremanak eta komunikazioa lantzea argazki guztietan ageri den zerbait da; aipatzekotan, goizero egin ohi genuen korroa, Arratera eta beste zenbait lekutara egindako txangoak edota txokolatezko txanponen bila egindako esplorazioak ditugu. Komunikazioa edozein izkinetan eman ohi den zerbait da, hitzezkoa eta ez berbala izateko aukera izanik. Beraz, edozein momentutan komunikatzen ari garela nabaria da, une askotan elkarlana eta lankidetza ere azalduz. Aurreko ekintzez gain, antzerkian, euskal dantzetan edota klaseko kideekin batera egindako zapaburuen bilakaeran azaltzen den zerbait da.
Poliki-poliki jolasetan parte hartze eta ekimen handiagoa egon ohi da haurretan, eta horrela, ardura txikiak hartzeko gai izaten gara. Hau, adibidez, jolas ezberdinetan ikusten dugu, baita Setarrak edo Ttuttulu dortoka zaindu beharreko garai horietan ere, ardura handia iruditzen baitzitzaigun klaseko kide guztiei animaliatxo hauek zaintzea.
Honi guztiari esker, lotura afektiboak bilatu eta sortzen hasten dira eskolako haurren artean, enpatia jarrerei bidea emanez. Ospakizun ezberdinak (Olentzero, Santa Ageda, Danborrada, euskal dantzen ekitaldia, Iñauteriak, Orakunde, San Anton eguna…) izan ohi dira honen bultzatzaile, baita eskolatik at egin ohi diren irteera zein kanpaldi desberdinak ere; Arratera egindako txangoa eta zahar etxera egindako bisitak, esaterako. Beraz, nabaria den bezala, gai hauen inguruan horrelako lanketa eman ondoren, kultura adierazpenekiko interesa sortu ohi da haurrengan, hau curriculumeko bertze ideia esanguratsu bat izanik.
Bukatzeko, azkeneko multzotzat ingurune fisiko eta naturalarekin izan ohi ditugun hartu emanak ditugu. Espazioak behatzea eta bertako objektuak zentzumenen eta ekintzen bitartez arakatzea oso garrantzitsua izan ohi da haurrentzat. Gure kasuan, hau lantzeko modu desberdinak erabili ditugu. Adibidez, aukeratutako argazkietan ikus dezakegun bezala, egindako ibilaldiak, planetariora bisita, zooa eta txokolatezko txanponen bila egindako irteerak helburu hau lortzeko hagitz erabilgarriak izan dira.
Ingurune fisikoan ere, izaki bizidunak aurki ditzakegu eta honen inguruan zenbait esperimentu burutu izan ditugu gure geletan. Horren adibide nagusi izan dira zapaburuen eta setarren esperimentuak, beraien eboluzioa ikusteko aukera ematen baitute. Horrela, hauekiko hurbiltasuna bultzatzen dugu, horretaz gain, jaiotzaren eta heriotzaren arteko bizi-ziklora hurbiltzeko aukera izanik. Naturako elementuak ere landu ditugu bizitzako etapa horretan, eta horren adibide dugu udazkenean hostoak biltzea. Interesa sortu ohi da haurrengan, eta askotan, naturan ikusitako zenbait kontu galdera desberdinen iturri izan ohi dira, gelan lanketaren baten abiapuntu bihurtzeko aukera sortuz. Beraz, hau guztia modu entretenigarri eta dibertigarri batean lantzea aipagarria da, jolasa disfrutatzeko eta harremanak izateko bitarteko gisa balioesten baita. Edozein jolas izan daiteke baliagarria, hala ere, txokolatezko txanponen bila egindako espedizioak etorri zaizkigu burura.
Ondorioz, antzeman dezakegun bezala, bizipen garrantzitsuak ezkutatzen dituzten argazkiek lotura garbia dute Curriculum ofizialarekin. Hemen aipatutakoak, garrantzitsuenak izan direlakoan gaude, nahiz eta kontziente garen ideia gehiagoren islada ere badirela aukeratutako gure argazki horiek.
Gustatu zaizuelakoan, mila esker irakurtzen hartutako lanagatik! Hurrengora arte!!