“Es a través de nuestras propias
narraciones como principalmente construimos una versión de nosotros mismos y el
mundo” (Bruner, 1997). Gutxitan pentsatu ohi izan dugu nolako garrantzia izan
dezakeen gure kezkak, beldurrak edo grinak, esaterako, ingurukoei kontatzeak.
Horren inguruan hitz egingo dut gaurkoan, Cajas de vida: paisajes que nos narran testuan
isladatzen den esperientzia interesgarritik abiatuta.
Aipatutako esperientzian, haur
hezkuntzako ikasleek eta irakasleak kaxa bana daukate, non beraientzat
esanguratsuak diren edo izan diren objektuak sartzen dituzten. Horietatik
abiatuz, bakoitzak bere istorio pertsonala kontatzen dio gainerakoei, era
berean, gainerakoena entzunez.
Testua irakurri aurretik, ez nuen
metodo honen berririk; baina, guztiz interesgarria eta deigarria iruditu zait.
Kaxa bitxi hauek aukera paregabea eskaintzen dute gainerakoek zu ezagutzeko eta
baita zuk gainerakoak ere. Are gehiago, norberak bere burua hobeto ezagutzeko
tresna ere badira. Aniztasunaren aurrean, bakoitzaren ezaugarri propioak
kontuan hartuz, elkarbizitza sustatzeko bidea ematen du metodo honek. Azken
finean, guztion esperientziak eta ikuspegiak partekatzen dira eta besteen ideia
zein iritziekin norberarenak aberasteko bidea ematen du.
Hezitzailearen parte-hartzea oso
interesgarria iruditzen zait; izan ere, modu horretan, errespetuz eta
elkarlanean jarduten dute bi alderdiek. Ez da inolaz ere irakasleak inposatzen
duen eta ikasleek burutzen duten jarduera bat, baizik eta denek elkarrekin eta
norberaren interesetatik abiatuta gauzatzen den proiektua.
Aurrekoari lotuta, gainera,
familien inplikazioa ere ezin da ahaztu. Familiak eta eskolak, norabide berean
eta helburu berdinetarantz doazenez, elkarlanean jardun behar dute. Kasu
honetan, parte-hartze hori sustatu egiten da. Haurrek euren kaxak etxera
eramaten dituzte eta gurasoekin batera pentsatzen dute zein izango den bertan
sartuko duten gauza esanguratsua. Bide honetan, gurasoek ere euren seme-alabak
hobeto ezagutzen dituzte, ttipien interesak, kezkak, beldurrak, objektu
esanguratsuak... zeintzuk diren ikusten dutelako.
Jarduera hau, ordutegi aldetik,
ez da finkoa. Horrela, soilik momentua egokia denean heltzen zaio gaiari,
haurren grina eta motibazioa abiapuntu harturik. Agian, horregatik bihurtzen da
horren jarduera aberatsa eta interesgarria. Izan ere, kaxetatik abiatzen bagara
eta haurren irudimenari eta sormenari lekua utziz gero, gauza deigarriekin topa
gaitezke. Testuan adibide gisa hainbat gai azaltzen dira: jeloskortasuna,
beldurrak eta emozioak, gizaki primitiboaren ideia, ekografia batetik abiatuz
norberak neurtzen duena ezagutzeko jakin-mina, hezitzailea behin haurra izan
zela eta gurasoak dituela ulertzeko zailtasuna...
Hezitzaile izango garen aldetik, komenigarria
da horrelako gaien inguruan hausnartzea: mesedegarria izan daiteke haurrentzat
euren bizipenez eta emozioez hitz egitea? Egungo gizartea
aztertzen badugu, argi dago orokorrean pertsonek zailtasunak izaten dituztela
euren bizipenez, emozioez, beldurrez, grinez... jende aurrean hitz egiteko.
Esperientzia honen bitartez, ordea, bizitzeko era eta ikuspuntu ezberdinak
partekatzen ikasten dute haurrek eta oso lagungarria suertatu daiteke euren
nortasuna eta ingurukoena eraikitzerako orduan. Gainera, lanbide honetan, berritzailea izatea garrantzitsua da, metodo berrietara irekita egotearekin batera. Horregatik guztiagatik,
deskribatutako esperientzian erabiltzen den metodoa interesgarria eta guztiz
aberasgarria iruditu zait.
Beraz, nolako hezitzaile mota izan nahi dut nik? Haurren interesetatik abiatuta ilusioz eta motibazioz lan egitea gustatuko litzaidake, esperientzia oro beraiekin partekatuz eta neska-mutilek euren kabuz eraikitako bidean laguntzaile izanez. Haurrengan irudimena sustatu nahiko nuke, beraien sormena probestuz eta bermatuz; azken finean, umeak pentsatu ohi duguna baino askoz ere konpetenteagoak direla argi dut. Horrez gain, jarduera originalak eta dinamikoak proposatzearen alde nago, ttipien parte-hartze aktiboa bultzatzeko. Gauza gehiago gehituko nituzke zerrenda amaigabe honetan; baina, gehiegi ez luzatzearren, amaiera emango diot nire hausnarketari.
Argi dago "bizitzaren kaxaren" ideia aunitz gustatu zaidala, haurrek aktiboki parte-hartzen dutelako ilusioz eta emozioz beteriko proiektu honetan. Oso garrantzitsua da ttipienekin emozioak, euren identitatea eta nortasuna, gainerakoak entzuteko gaitasuna, euren ideiak adierazteko trebetasuna eta elkarbizitza, besteak beste, lantzea. Hona hemen, hortaz, esperientzia eredugarri bat!
Zuen gustokoa izatea espero dut. Ongi izan!
Nekane
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina