Egun on irakurle! Gaurkoan, nire haur hezkuntzako argazkien eta curriculum ofizialaren artean
loturak egitea tokatzen zait. Ziur nago aunitzez ere lotura gehiago egin
daitezkeela, baina nik identifikatu ditudan batzuk erakutsiko dizkizuet.
Curriculum ofizialean eduki multzo ezberdinak
aurki daitezke, horien artean: nortasuna eraikitzea, hartu-emanak gizarte-ingurunean
eta hartu-emanak ingurune fisiko eta naturalekin. Horien baitan hainbat azpi-puntu
edo artikulu daude, erakutsi nizkizuen nire argazkiekin erlazionatu
daitezkeenak.
Lehenik eta behin, ospakizunen multzoa hartu dut
erreferentziatzat: Olentzero, Santa Ageda, Orakunde, Iñauteriak… Hauen bitartez, esaterako, lotura afektiboak bilatu eta ezartzen genituen
adineko pertsonekin eta eskolako gainerako haurrekin; azken finean, gure
antzerkiak, kantuak, dantzak edota bertsoak haiekin elkarbanatzen genituelako.
Modu horretan, denbora luzez landutako eta lortutako emaitza komunikatzen
genuen eta, bide batez, hurbileko gizarte-inguruneko kultura-adierazpenekiko
interesa sustatzen zen gugan; hau da, euskal kulturarekiko. Horrez gain,
emozioak autoerregulatzeko bidea ere ematen zuten ospakizun ezberdin hauek,
zeinetan urduritasunak, ilusioak, jakin-minak, gogoak… topo egiten zuten.
Bertzetik, irteerei eta ibilaldiei dagokienez, kanpo-errealitatea
arakatzeko baliagarriak zirela aipatu beharra dago, sentsazio eta pertzepzio
ezberdinak ezagutzearekin batera. Hain
zuzen ere, txangoetan, espazioak behatzen eta arakatzen genituen eta baita bertako
objektuak erabili ere, zentzumenen eta ekintzen bidez. Adibidez, udazkenean
hostoak biltzera ateratzen ginenean, naturako elementuak behatzeko interesa
pizten zen gugan eta haien ezaugarriak ezagutzen hasten ginen.
Irteerak alde batera utzita, goizero Ttantto,
Txirritx eta Xangorekin burutzen genuen korroari iritsi zaio txanda. Bertan, norberaren
eta gainerakoen sentimenduak, emozioak, oinarrizko beharrizanak eta interesak
lantzen genituela aipatu beharra dago, pertsonen arteko harremanak eta
komunikazioa bultzatzearekin batera (enpatia eta asertibitatea).
Autonomia dela eta, psikomotrizitate gelako
Everestaren bitartez, gure gorputza autoerregulatzen ikasi genuela erran
dezaket. Aurrerapen ttipi bakoitzari esker, gero eta konfiantza handiagoa lortzen genuen norberaren ahalmen motorretan; eta, gainera, ekintzarako ekimena zein trebetasun berriak
ikasteko jakin-mina sustatzen zen gugan. Bertze aldetik, Ttuttulu dortokari
esker, parte hartzen ikasi genuen, eguneroko bizitzan ardura txikiak
hartzearekin batera. Gainera, ezin da aipatzeke gelditu izaki bizidunen
portaera, funtzio, ezaugarri eta aldaketa batzuk ezagutu genituela hari esker; eta
jaiotzaren eta heriotzaren bitarteko bizi-ziklora hurbildu ginela ere erran
beharra dago, haren heriotza bizi izan genuelako.
Amaitzeko, jolas sinbolikoaren bitartez egoera errealak edo irudizkoak eta pertsonaiak
(guraso, maisu-maistra, ikasle…) antzezten genituela aipatzea falta da. Gozatzeko
eta harremanak izateko bitarteko gisa balioesten genuen jolasa.
Hau guztia erranda, ikus dezakegu nola gure
haurtzaroko oroitzapen esanguratsuen atzean hainbat helburu ezkutatzen diren.
Hau izan da dena gaurkoz, zuen gustukoa izatea
espero dut. Hurrengo bat arte!
Nekane
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina