Arratsalde on, irakurle! Oraingoan gaurko klaseari buruz idatziko dizuet,
zuen gustukoa izatea espero dut.
Gaurkoan azken klase teorikoa genuen, apirilera arte, eta hainbat esaldiren
bitartez hausnarketa interesgarri eta aberasgarriak burutu ditugu; hasieran
binaka, gero, taldean. Niri, pertsonalki, esaldi horietako bat deigarria
iruditu zait, transmititzen duen itxaropenagatik eta gelan sortu den eztabaida
interesgarriagatik.
“La educación es el arma más poderosa para cambiar
el mundo”
Nelson Mandela
Nelson Mandela
Gelan aipatu da ezbairik gabe arras garrantzitsua dela hezkuntza gizartean
eta, zoritxarrez, ez dela behar bezala estimatzen. Bertze modu batera erranda,
gehiago estimatu beharko litzatekeela; azken finean, gobernu aldaketekin
etengabe aldatzen da haien eskutik hezkuntza sistema Espainiar estatuan.
Horri dagokionez, Finlandia dugu adibide garbi. Bertan, hezkuntza da
gainerako gauza ororen ardatz. Politika alorrean aldaketak ematen diren
bakoitzean ez da hezkuntza aldatzen, berdin mantentzen da, eta aldaketak
izatekotan hezkuntzaren onerako izan ohi direla ere aipatu beharra dago.
Hala ere, azpimarratzekoa da gure
gizartean eman diren aldaketa nagusiek ez dutela zertan lotura zuzenik eduki araudiak
zehazten duenarekin. Honekin erran nahi dudana da, legea kontra eduki arren
edota hobekuntza nabarmenak behar dituen arren, beti badagoela zer egin. Horrekin
lotu genezake, adibidez, curriculum ezkutua. Hezitzaile izango garen aldetik,
zeharka transmitituko ditugun ideia edota balio horietan pentsatzen jarriz
gero, ohartuko gara hezkuntza legediak erraten duenetik askoz ere haratago
doala. Beraz, gure esku dago zerbait egitea.
Normalean eta historian zehar eduki itxiak/finkoak irakatsi izan dira eta
ez zaio lekurik utzi pentsamendu kritikoa sustatzeari edo pertsonen sormena
pizteari, adibidez. Zergatik izan daiteke hau? Bada, pertsonek kontzientziarik
ez duten bitartean, gobernuek eta agintariek nahi dutena egin dezaketelako eta
gizarteak ez diolako horri aurre egingo, kasu gehienetan injustizia sozial
horiek ez baititu ulertuko.
Aldiz, hezkuntzaren bitartez aipatutako pentsamendu kritikoa sustatu
daitekeela argi eduki behar dugu, pertsona sortzaileak eta ekintzaileak
bultzatuz. Arras garrantzitsua iruditzen zait ikasleak zirikatzea, motibatzea,
haiengan jakin-mina piztea... modu horretan, pertsona kontzienteak,
konpetenteak eta kapazak eraikitzen lagunduz. Erran ohi da biderik luzeena ere
pauso ttipi batez hasten dela eta, nire aburuz, kritikotasun hau bermatzea
lehendabiziko pausoa da zerbait aldatu nahi badugu.
Horrez gain, itxaropena ezinbertzekoa dela pentsatzen dut; hezkuntza
munduan eta baita bizitzan orokorrean
ere. Hein handi batean horrek bultzatu ninduen ni mundu honetan murgiltzera.
Egungo hezkuntza sistemarekin konforme ez nagoenez, gauzak aldatzeko gogotsu
nago. Dena den, erran bezala, legediak ez du dena determinatzen eta beti izango
dugu zer egin, zer pentsatu, zer kritikatu, zer sortu eta zer eraiki.
Hau izan da nire gaurko hausnarketa xumea. Eta zuk? Zer pentsatzen duzu
honen inguruan?
Nekane
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina