Haur
Hezkuntza. Normalean erraz atzentzen ez den etapa, ezta? Zenbat momentu, txoko,
objektu, pertsona... gogoan. Oraingoan nire haur hezkuntzako etapaz hitz egitea
dagokit. Pertsonalki, denbora-tarte zoriontsu eta garrantzitsu gisa etortzen
zait burura. Egia da momentu zailak egon, egon zirela; dena den, une goxoak eta
alaiak errazago gogoratzen ditudala aitortu beharra dut.
Correa
eta Aberasturi (2013) irakasleen arabera, maisu edo maistra izateko ibilbidean
daudenek atzera-begiratzea zein introspekzioa burutzeko beharra dute. Hori dela
eta, hona hemen nire oroitzapen goxo horietako batzuk!
Erran bezala, Haur Hezkuntza etapa zoriontsu gisa
gogoratzen dut. Dena den, erran beharra dago ez ditudala argazki gehiegirik
aurkitu. Ia denak 3-6 ziklokoak dira eta, nola ez, irteera edota ospakizun
berezietakoak gehienak.
Ildo
horretatik, ilusioz gogoratzen ditut nire Ikastolan burutzen genituen jarduera
osagarriak eta ospakizunak, hala nola: Olentzero, Santa Ageda, Orakunde,
Iñauteak, Ikastolaren besta, San Blas, irteerak eta ibilaldiak...
Betidanik
eman izan diogu garrantzia Olentzerori, adibidez. Kantak, bertsoak, dantzak eta
gutunak prestatzen denbora dexente pasatzen genuela gogoratzen dut; a ze nolako
ilusioarekin, gainera! Hortaz, garrantzitsua iruditzen zait gure kulturan
errotuak dauden ohiturak mantentzea eta sustatzea.
Santa
Ageda eguna ere ospatu egiten genuen Ikastolan. Norberak bere makila hartu eta
etxez etxe, atez ate, abiatzen ginen gure kantuekin herriko giroa alaitzeko asmoz.
Aipamen
berezia merezi du “Orakunde” edota “egun ttun-ttun” egunak. Ospakizun hau, oker
ez banago, soilik Baztanen ospatzen dugu. Egun honetan hainbat jolas eta
jarduera burutzen dituzte haurrek, elkarrekin bazkaltzen dute eta, azken jolas
moduan, haurrek oilarra harrapatu behar dute egurrezko ezpata baten laguntzaz
eta begiak itxita. Ondoren, dantzaldia egon ohi da, egun alai honi amaiera
emateko.
Inauteriak
ere ilusio bereziarekin prestatzen eta ospatzen genituen gurean. Olentzeroren
kasuan bezala, denbora dexente eskaintzen genion mozorroak, abestiak eta
dantzak prestatzeari. Egun arras polita eta dibertigarria zela gogoan dut.
Azken finean, esfortzu handia suposatzen zuen guretzat ospakizun hori
prestatzeak eta emaitzarekin ez ezik, prozesu guztiarekin ere oso gustura gelditzen
nintzen.
Nire
ustez, erran bezala, arras garrantzitsua da gure kultura maitatzea eta
sustatzea, ohiturak errespetatuz eta gal ez daitezen bermatuz. Nire kasuan
behintzat, ospakizun guzti hauek ilusioz gogoratzen ditut eta beti gogoan izango
ditudala badakit. Horregatik, hezitzaile izango garen aldetik, egokituko zaigun
herriaren istorioa eta kultura ezagutzea beharrezkoa dela pentsatzen dut.
Aipatutako
ospakizunez gain, hainbat irteera eta ibilaldi ere burutzen genituen:
udazkenaren gaia lantzen ari ginenean kanpora irteten ginen hostoak biltzera, Iruñeko
planetariora joan ginen edota ardoa nola egiten zen ikasi genuen ibilaldi batean,
esaterako. Jarduera dinamiko hauen bitartez pila bat ikasi genuela pentsatzen
dut. Azken finean, oso dibertigarria suertatzen zitzaigun eta ekintza horietan
aunitz gozatzen genuenez, momentu haietan ikasitakoa nekez atzendu zaigu. Gaur
egun, esperientzia horietaz gogoratzen naiz, pentsa!
Hortaz,
haurrei esperientzia anitzak eta aberatsak eskaintzea guztiz garrantzitsua dela
pentsatzen dut, ilusioz eta motibazioz burutzen duzun horrek zugan eragin
handia duelako.
Ospakizunak
alde batera utziz, nire Haur Hezkuntzako bigarren zikloko bidailagunak aurkeztu
nahi dizkizuet.
Alde
batetik, Ttantto (mantangorria), Txirritx (kilkerra) eta Xango (matxinsaltoa) ditugu. Etapa guztian zehar gurekin batera
egon ziren eta gure lagun minak balira bezala ikusten genituen. Pertsonaia
bakoitza adin bati zegokion eta gela bakoitzean beraien txotxongiloa zegoen,
zeinarekin goizero-goizero elkarrizketa ezberdinak mantendu eta hainbat errutina burutzen genituen.
Azkenean, hiru pertsonaia hauek nire haurtzaroaren ikur garrantzitsu bilakatu
ziren.
Erran
beharra dago, Haur Hezkuntzan autonomiarako pauso sendoak eman nituela. Egunero
zenbait gauza erritu moduan errepikatzen genituen (adibidez, armairuan gure
argazkiari buelta ematea eta nor falta zen ikustea). Erritu horien bitartez,
pixkanaka-pixkanaka, segurtasuna sentitu nuen nigan. Hortik abiatuta, nire
nortasuna eraikitzen eta finkatzen joan nintzen eta geroz eta erronka zailagoak
jarri nizkion neure buruari. Psikomotrizitate gelan, esaterako, Everest
partikular bat genuen. Hasieran ezinezkoa suertatzen zitzaidan goraino igotzea;
baina, denborarekin eta saiakerak medio, helburua lortu nuen. Hortik aurrera,
behin eta berriro errepikatu nuen prozesua seguru sentitu arte. Izugarrizko
lorpena zen niretzat Everest mendia igotzea!
Autonomiari
lotuz, bigarren aurkezpena egitea tokatzen zait orain: hona hemen Ttuttulu
dortoka, gure lehenengo maskota (eta izugarrizko ardura, noski!).
Ttuttuluri
esker ardurak hartzen ikasi genuela errango nuke: egunero bazkatu, nola zegoen
ikusi, oporretan etxean zaindu... Behin, zoritxarrez, hil zitzaigun arte. Gure
dortokaren heriotzak tristura izugarria suposatu bazuen ere, erran beharra dago
abiapuntu gisa balio izan zuela heriotzaren gaiaz gelan hitz egiteko. Niri,
pertsonalki, arras garrantzitsua eta interesgarria iruditzen zait emozioak eta gai
ezberdinak ttikitatik lantzea. Horren adibide egokia da, adibidez, lehenengo
lauhilekoan ikusi genuen Solo es el principio pelikula
frantziarra (ikusi ez duenari gomendatzen diot).
Amaitzeko,
joku sinbolikoak nire haurtzaroan izan zuen garrantziaz hitz egingo dizuet.
Orduak eta orduak pasatzen nituen ttikitatik joku sinbolikoan edo imitazio
diferituan. Aitortu beharra dut hasieratik erakutsi nuela interesa gainerakoekiko;
izan ere, gehien gustatzen zitzaizkidan rolak edo paperak “amatxo”, “irakasle”,
“mediku”... modukoak ziren. Pila bat gozatzen nuen jarduera honekin. Argazkian
ongi bereizten ez bada ere, hor atzean duzue gure etxetxoaren txokoa. Zenbat
ordu pasatu nituen nik bertan!
Laburbilduz,
nire Haur Hezkuntzaren inguruko zenbait oroitzapen islatzen saiatu naiz eta
hausnartu ondoren, zenbait ondorio atera ditut. Aipatu bezala, noizbait
hezitzaile izatera iristen banaiz, argi dut lekuan lekuko kultura eta ohiturak
ezagutu eta errespetatuko ditudala, haurrentzat eta beren nortasunarentzat
alderdi garrantzitsua dela pentsatzen dudalako (nire kasuan bai, behintzat).
Irakasle dinamikoa izaten saiatuko naiz, esperientzia anitzak eta aberatsak
eskainiz nire ikasleei, horrela, beraiek
euren bizipenetatik ikasteko aukera izan dezaten. Horrez gain, bakoitzaren
gaitasunak eta berezitasunak kontuan hartuz, egokitutako erronkak eta ardurak
proposatuko nituzke, autonomia eta nortasuna finkatze aldera. Eta, amaitzeko,
ikasleekin elkarlanean eta beraien interes eta kezketatik abiatuta, emozioak
eta gai ezberdinak (heriotza, askatasuna, maitasuna, autoritatea...) lantzea
gustatuko litzaidake. Zuek zer diozue?
Hau izan da dena gaurkoz, zuen gustukoa izatea
espero dut!
Nekane
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina