Arratsalde on berriz ere, irakurle!
Gaurkoan, bi taldeak (GA1 eta GA2) elkartu eta Haur Hezkuntzaren baitan proiektuetan oinarritutako ikaskuntzari
buruz aritu gara. Lehenengo, talde txikietan bildu eta aldez aurretik gaiari
buruz genekienaren inguruan hausnartu dugu, ikasteko falta zaigunarekin batera.
Egia erran, gure taldetxoan ez genuen oso garbi zertan datzan proiektuka lan
egiteak; baina, talde handiko hausnarketari esker eta, gerora, Begoñak
azaldutako bi adibide praktikoei esker, aunitzez ere ideia argiago bat eratu
dugu.
Lehenik eta behin, aipatu beharra dago proposamen ireki bat dela, bertze
metodologia batzuetara txertatu daitekeena ; hots, globalizazioa eta aprendizai
esanguratsua bezalako ezaugarriak aman komunean dituzten metodologietara.
Horrez gain, ikaskuntza mota honetan, haurren interesetatik abiatutako eta haietara
moldatutako gaiak landu ohi dira, zeinak arlo desberdinetara egokitzen diren.
Ez du zertan irakasleak aukeratutako gaia izan behar, haurren artean sortutakoa
izan daiteke; bai haiek proposatutakoa, bai haien elkarrizketetan hautemandakoa
ere.
Irakaslearen paperari dagokionez, ttipiengan jakin-mina sustatu behar du,
beraien prozesuan gidaria izatearekin batera. Baina, gidaria erratearekin ez
dugu esan nahi irakasleak umeen prozesuetan zuzenean eragin behar duenik. Helduak
behatzailea izan behar du, umeen gaitasunak eta interesak zeintzuk diren
jakiteko eta prozesua nola doan aztertzeko. Horretarako, baliabide desberdinak
eskaini beharko ditu, gainerako irakasleen arteko koordinazioa aurrera
eramateaz gain.
Bertze aldetik, aipagarria da familien parte-hartzea. Proiektuaren hasieran, gelan landu behar den gaiaren berri ematen zaie. Gainera, euren
inplikazioa ezinbestekoa da haurrek gaiarekin lotutako materiala ikasgelara
ekar dezaten.
Bukatzeko, aitortu behar dut oso lagungarriak eta esanguratsuak izan direla
Begoñak azaldutako bi adibideak; azken finean, aunitzetan adibide deigarrien
bitartez ikasten baitugu gehien. Lehenengo adibidean, egutegi bat hartu zuten oinarritzat
proiektuan; bigarrenean, aldiz, futbola. Horrela, ideia interesgarriak eta originalak sortu ziren bi
kasuetan, hala nola: egutegi propioak sortzea, kinielak nola egiten diren
aztertzea, Athletikeko jokalari neska baten bisita jasotzea... Dena den,
adibide praktiko gehiago ikusteko gogoz gelditu naiz. Ezagutzen al duzu zuk
adibide praktikorik?
Hau izan da dena gaurkoz, zuen gustukoa izatea espero dut!
Nekane

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina