2016(e)ko maiatzaren 3(a), asteartea

Azken aurkezpenak!

Gabon irakurle!
Pasa den astean programazioen aurkezpenekin bukatu genuen Didaktika Orokorreko azken saio praktikoan. Gaurkoan horien inguruan arituko naiz eta, hasi baino lehen, argi utzi nahi dut irakasgai honetako aurkezpenak uste baino interesgarriago eta aberasgarriagoak suertatu zaizkidala. Azken finean, aunitz ikasi dudanaren sentsazioarekin gelditzen naiz, bai aurkezpenak egiteko alternatiben aldetik, bai eta haurrekin gai ezberdinak lantzeko moduei dagokionez ere.

      Talde batek uraren inguruko programazioa prestatu zuen. Bertan, oso deigarria eta aproposa iruditu zitzaidan haurrekin uraren zikloa lantzeko proposatutako jarduera: 
  • Plastikozko poltsa bat hartu eta tindatutako ura sartu bertan. 
  • Poltsa hau itxi eta leihoan itsatsi, eguzkiaren efektua jasotzeko.
  • Eguzkiaren berotasunarekin ura lurrundu eta, hozterakoan, kondentsatu.


Izan ere, oso bisuala eta burutzeko erraza dela iruditzen zait, material aldetik etxean topa dezakegulako beharrezkoa dena. 

Animalien inguruko programazio bat ere aurkeztu ziguten zenbait ikaskidek. Jarduera ezberdinak proposatu zituzten gelan arlo desbardinak kontutan hartuz: musika, matematika, asmakizunak... Honi lotuta eta aurreko sarreretan aipatu bezala, oso ideia ona iruditu zait ikusleekin jarduerak egitea, askoz ere parte-hartzaileago eta dinamikoago bihurtzen baita aurkezpena. 


Gabonen inguruko lanean, berriz, jarduera ezberdinak burutuko zituztela aipatu zuten eta zenbait eskulan erakutsi zizkiguten; esaterako, haurrekin eguberritako zuhaitza nola egin modu ezberdinetan. 



Azkenik, herrialde ezberdinetako kulturak hartu zituen oinarri gisa talde batek. Proposatutako jardueretan zenbait herrialde azaldu ziren (Japon, Txina, Euskal Herria...) eta, taldetxotan banaturik, musika, elikagai eta jantzi tipikoen inguruan aritu ginen. Aurreko sarreran azpimarratu bezala, kulturaniztasuna lantzearen garrantzia goraipatu nahiko nuke berriz ere, oso garrantzitsua iruditzen baitzait haurrek kultura ezberdinak ezagutzea eta errespetatzea, guztiak beharrezkoak direla ohartuz.

Gustatu zaizulakoan, hau izan da dena. Hurrengo bat arte!

2016(e)ko apirilaren 28(a), osteguna

Jarrai dezagun aurkezpenekin!

Egun on denei!
Programazioen aurkezpenekin jarraitu genuen ortziralean. Guk, Irrien lagunak taldeak, baratzearen eta baserriaren esperientzia kontatu genuen; baina, horrekin batera, bertze bi taldek ere beren aurkezpenak burutu zituzten (itsasoko animaliei eta euskal zein japoniar kulturei buruzkoak) . Erran beharra dago, lehenengo egunean bezala oso aurkezpen originalak eta interesgarriak izan zirela. Adibidez, Bostak taldeak bere programazioa praktikan jarri zuen, baita horren bideo laburrak guri erakutsi ere.

Aukeratutako eta landutako gaiei dagokienez, egokiak eta interesgarriak direla errango nuke. Batetik, gure herria kostaldeko herria da eta, beraz, itsasoko animalien gaia gertutik eta egunerokotasunean lantzeko aukera izango genuke. Gainera, haurrak naturarekin kontaktuan egongo liratekeela ezin da atzendu. Bertzetik, gaur egungo gizartean nagusi den kulturaniztasuna kontutan hartuz, erabat beharrezkoa iruditzen zait bertze kulturen berri ematea gelan, haurrek uler dezaten kultura eta bizimodu  ezberdinak daudela munduan, bakarrak eta guztiz errespetagarriak denak. Norberak bere kultura maitatzea eta zaintzea beharrezkoa iruditzen zait niri; beraz, gure gelan atzerritarren bat egonez gero, interesgarria izango litzateke bere kulturaren inguruko lanketa bat egitea. Zer diozue zuek?

2016(e)ko apirilaren 22(a), ostirala

Hona hemen Lekarozko zenbait umek utzitako mezua!

 Bazen behin, Lekaroz izeneko herri ttipi bat, Nafarroako iparraldeko landa eremuan kokatzen zena. Herria oso txikia bazen ere, eskola xume bat aurkitzen zen bertan eta bertara, goizero-goizero, herriko 12 haur gerturatzen ginen, irakaslearekin batera gauza berriak ikasteko gogoz.

  Egun batean, korroan ginela, Manexek baratzearen inguruko kezka bat plazaratu zuen eta, horren harira, jakin-mina sortu zen gugan: “zein desberdintasun dago estali gabeko baratzeen eta negutegien artean?” “zergatik Saharako ikaskideak ez zuen bere herrialdean behin ere horrelako baratzerik ikusi?”

  Gure interesetatik eta kezketatik abiatuta, hiru astetan zehar landu genuen baratzearen eta baserriaren gaia. Eta, horretarako, jarduera desberdinak burutu genituen herrian. Jakin nahi al duzue zer egin genuen???

 Alde batetik, zenbait IRTEERA egiteko aukera izan genuen, herriaren kokaleku bikaina probestuz; esaterako, behin baino gehiagotan amona Joxeparen baserrira joan ginen eta herriko mahatsondoa ere bisitatu genuen ikaskideok. Horrela, eskolatik kanpo eta naturarekin harremanetan gauza asko ikasi eta esperimentatu genituen: baserriko bizimodua hurbiletik ezagutu genuen, animaliak elikatu, jolas baten bitartez baserriko eta baratzeko tresnak ikasi eta baita produktuen eraldaketan sakondu ere. Begira zenbat gauza ikasi genituen!!
  • Oiloak arraultzak jartzen ditu eta, gero, horiekin tortilla bero-beroa prestatzen dugu.
  • Zuhaitzetik mahatsak hartu eta, ondoren, mosto goxoa egiteko erabiltzen ditugu.
  • Baratzetik tomate frexkoak hartzen ditugu eta, horri esker, makarroiekin jateko tomatea egin dezakegu.

  Irteerak alde batera utzita, BISITA ezberdinak ere jaso genituen eskolan, aunitz gustatzen baitzaiku familiekin zein herritarrekin batera ikastea. Adibidez, herriko Martin baserritarra hurbildu zitzaigun eta, ezetz asmatu? Berarekin txorimaloak zertarako erabiltzen diren ikasi genuen! Gainera, alternatiba gisa CDen erabilera ere aipatu zuen eta bakoitzaren alde onak zein txarrak eztabaidatu genituen korroan. Bisita horren ondorio gisa, eskolako baratzerako txorimalo bat egingo genuela erabaki genuen. Oso polita gelditu zen gure txorimaloa!

 Gainera…. badakizue? Estali gabeko baratzeetako barazkien eta urtaroen artean lotura estua dagoela ikasi genuen eskolan eta, aldi berean, negutegiak zer diren eta zertarako erabiltzen diren azaldu zigun irakasleak. Guk ez genekien udan jaten ditugun tomate goxoak neguan ere jan daitezkela! Eta baratzeko tomateak aunitz gustatzen zaizkigu!!! Hortaz, plastikako orduetan eskolarako negutegi bat eraikiko genuela erabaki genuen. Batzuk materiala ekartzeaz arduratu ziren, beste batzuek neurriak hartu zituzten, materiala moztu, eraiki eta, azkenik, denon artean apaindu genuen! Bakoitzak, bere gaitasunen arabera, zerbait aportatu zuen modu horretan.

 Azken egunean, jaialdi berezi bat ospatu genuen herrian! Horrela, gaiari amaiera eman genion eta ikasitakoaz hitz egin genien neba-arrebei, gurasoei, aiton-amonei eta herritarrei.  Lehenengo, baratzearen inguruan prestatu genuen antzerkia antzeztu genuen. Bertan, hiru asteetan zehar landutako hainbat gai islatzen ziren; adibidez, estali gabeko eta estalitako baratzeen arteko desberdintasunak. Ondoren, hiru asteetan zehar landutako muralaren, txorimaloaren eta negutegiaren erakusketa egin genuen; eta, horrekin batera, zenbait azalpentxo eman genituen. Azkenik, jaialdiarekin amaitzeko… ezetz asmatu??? Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Amalur ikuskizunaz zuzenean gozatzeko aukera izan genuen. Baina, ez hori bakarrik!! Gainera, abesti eta dantza ezberdinetan parte hartu genuen haurrok, psikomotrizitateko eta musikako saioetan landu genituelako. Orain, zuekin batera, horietako bat egin nahi dugu hemen. Animatzen zarete???



Gure aurkezpena:




2016(e)ko apirilaren 19(a), asteartea

Aurkezpenak, apirilak 18.

Arratsalde on, irakurle!
Dagoeneko hasiak gara taldeka gure programazioak aurkezten. Atzo, hiru taldek beren lanen inguruan hitz egin ziguten, gai ezberdinak agertuz horietan: zaporeak, landareak eta sentimenduak, hain zuzen ere.

Erran beharra dago oso aurkezpen desberdinak eta interesgarriak izan zirela, bakoitzak bere "tokea" eman ziolako. Erabilitako baliabideak argiak eta arinak iruditu zitzaizkidan. Irudiek indarra hartzen zuten eta ez zegoen apenas letrarik; azken finean, irudi batek mila hitzek baino gehiago esaten duela erran ohi da, eta, argi dago aunitzetan hala dela. Beraz, lehenengo aurkezpenetan emandako aholkuak hontakoan kontutan hartu direla ezin da ukatu.

Bertzetik, oso aurkezpen dinamikoak eta parte-hartzaileak izan ziren, hainbat jarduera gelan bertan burutu genituelako. Honekin batera, azpimarratzekoa da hauek aurretik prestatzeko hartutako lana. Adibidez, talde batek landare ezberdinak ekarri zituen gelara, materialean pentsatuz.
Hau erranda, Loreak taldeko kideek planteatutako metafora bikain batekin amaitu nahiko nuke gaurko sarrera:

"Landareak ureztatzea beharrezkoa den moduan, pertsonen arteko harremanak ere ureztatzea eta zaintzea ezinbertzekoa da, ongizatea edota sentimenduen oreka lortzeko."

2016(e)ko apirilaren 15(a), ostirala

Gelako programazioa, apirilak 15

Arratsalde on denei !

        Gaurko Didaktika Orokorreko klasean gure programazioaren zirriborroari azken xehetasunak egin dizkiogu. Hala ere, hau burutzeko, lehenengo, Begoñari zalantzak galdetu dizkiogu (edukiek -tzea izan behar duten aditz bukaeran, ebaluazioko indikadoreak eranskinetan joan behar duten...). 

       Azkenean, zalantza hauek argituta, xehetasun horiek aldatu eta lana errepasatzeari ekin diogu. Dena irakurtzean, aurkitutako akats ttipiren bat aldatu eta klase amaieran, gure programazioaren zirriborroa inprimatu eta Begoñari entregatu diogu, nolabait ere, gure lehenengo erronka izan den Baserria eta Baratzea programazioari bukaera emanez. Laister izango duzue gure programazioaren berri!

       Ideia gustatu zaizuelakoan, 

       Hurrengo bat arte!
"Irrien Lagunak"

2016(e)ko apirilaren 11(a), astelehena

Gelako programazioa, apirilak 11.

Aupa lagunok!
Irrien Lagunak taldeko kideak, berriro ere, gelako programazioaren inguruan aritu gara. Esan bezala, jardueretan zentratu eta orain arte kontutan hartu ez genuen xehetasun batekin egin dugu topo: programazioa denez, gaitasun desberdinak jorratzeko jarduerak planteatu behar ditugu bertan eta, orain arte, ingurumenean zentratutakoak soilik genituen pentsatuak. Horrenbestez, ideia berriei bueltak ematen ibili gara, hona hemen horietako batzuk: antzerki bat prestatzea (ahozkotasuna, gorputz adierazpena, plastika, sormena... lantzeko), txorimalo bat egitea (plastika landuz), negutegi erreal bat eraikitzea (matematikako neurriak lantzeko,  adibidez)... Beraz, pixkanaka-pixkanaka bagoaz aurrera! Zer iruditzen zaizue?
Hurrengora arte!

2016(e)ko apirilaren 8(a), ostirala

Gelako programzioa, apirilak 8.

Aupa lagunok!

Gaurko saioan Irrien Lagunak taldeko kideek gelako programazioarekin aurrera jarraitu dugu. Aurrekoan testuingurua zehaztu genuenez, hortik abiatuta lanaren zirriborro moduko bat planteatu dugu: zein helburu bete nahi ditugun, horretarako aurrera eramango dugun metodologia eta jarduera mota desberdinak. Dena den, aipatzekoa da hauetan oraindik ez dugula sakondu eta egiteko hau aurrerago burutuko dugula. Jardueren artean, esaterako, baserrira bisita egongo da edota Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Amalur ikuskizunera ateraldia.

Gehiago jakin nahi baduzue, hurrengora arte itxaron beharko duzue.
Aio pelaio!


2016(e)ko apirilaren 5(a), asteartea

Gelako programazioa, nondik hasi?

Egun on lagunok!
Gaurko klasean Irrien Lagunak kideok gelako programazioaren inguruan aritu gara lanean. Oporrak baino lehenago pentsatuak genituen gauzak gogorarazi ditugu, gure buruko ideiak freskatzeko eta testuinguruan kokatzeko. Programazioari hasiera emateko prozesuan, lehenik eta behin, jorratuko ditugun alderdiak zehaztu ditugu (sarrera eta testuingurua, gaiaren zergatia, helburuak, metodologia...). Ostean, Haur lehen eta bigarren hezkuntzarako eta batxilergorako dekretu currikularrak Euskal Autonomia Eridegoan eta Programazio didaktikoak egiteko orientabideak irakurri ditugu egin beharreko lanaren ideia garbiagoa izateko. Azkenik, gure programazioaren sarrera eta testuingurua idazten hasi gara.
Hurrengora arte!

"Has gaitezen bidea egiten!"

2016(e)ko martxoaren 22(a), asteartea

Baratza eta baserria Haur Hezkuntzan!

Gabon, irakurle! Pasa den astean unibertsitatean istriputxo bat izan nuen eta bete behar nituen paperak zirela eta, ezin izan nuen ostiralean klasera joan. Hala ere, aipatzekoa da erronka berri batekin aurkitzen garela hontakoan: programazio bat sortzea!

Lehenengo aldia izango da horrelako proposamen pedagogiko bat egiten duguna eta badakigu ez zaigula erreza suertatuko. Gainera, argi dugu programazio bat prestatzearekin ez dugula inolaz ere dena ikasiko eta trebatzen jarraitu beharko dugula, etengabeko formakuntzaren baitan. Hala ere, biderik luzeena ere pauso batez hasten dela diote eta gu, kasu honetan, gogotsu    gaude lehenengo pauso hau emateko! Horregatik, dagoeneko landu nahi dugun gaia aukeratu          dugu: baratza eta baserria.


Taldearen baitan Aiora eta biok landa eremukoak izanik, aukeratutako gaiak nolabaiteko indarra ematen digula aitortu beharra dut; izan ere, baratza edota baserriko bizimoduari behar adinako garrantzia ematen ez zaiola uste dugu eta ezinbestekoa iruditzen zaigu honen trataera. Horrela, haurrek txikitatik Euskal Herriko hainbat txokotan bizirik diharduen bizimodua uler dezaten ahaleginduko gara, gure kultura ulertuz eta harekiko interesa piztuz. Honez gain, naturarekin erlazioa daukaten gaiak landuko dituzte eta baita bizi osasuntsu bat izateko beharrezko elikagaiak ere, hala nola, barazkiak, fruituak…

Testuinguruari begira, ikastetxea nire herrian, Lekarozen, kokatzea erabaki dugu. Hau Baztanen aurkitzen den herri ttipi eta xume bat da, 350 biztanle inguru dituena. Horrela, gure ikasgelak 12 ikasle inguru edukiko dituela pentsatu dugu, horien artean lau etorkin topatuz. Buruan ideia aunitz ditugun arren, momentuz ez dugu aunitz gehiago aurreratu. Oporretan indarberritu eta berriro gogotsu itzultzean jakingo duzue gehiago…!

Lekaroz, Baztan


Ordura arte, ongi segi eta bihurri portatu!!
Nekane

2016(e)ko martxoaren 21(a), astelehena

Globalizazioa eta aprendizai esanguratsua

Programazio bat sortzerako orduan, hainbat printzipio metodologiko kontutan hartzea ezinbertzekoa da. Ikaskuntzak nolabaiteko esanahia eduki beharra du, hau da, ikasleek ikasteei zentzua aurkitzea garrantzitsua dela ezin da ukatu; honekin batera, ikaskuntzak aktiboa ere izan behar duela erran beharra dago. Gainera, haurren garapenerako beharrezkoa den jolasari garrantzia eman behar zaio eta ikaskuntza esperientzia bidezkoa izan dadin beharrezkoa da, hurbileko ingurunetik eta egunerokotik abiatuz. Bertzalde, familien parte hartzea sustatzea ere beharrezkoa da, eskolarekin batera elkarlanean aritzeko. Baina, horretaz guztiaz gain, ba al dakizu zer diren globalizazioa eta aprendizai esanguratsua?

Hezkuntzaren baitan, ikuspegi globalizatzaileak  haurren interesak, beharrak, ezaugarriak, testuinguru soziala... hartzen ditu kontuan. Ikaslearen esperientzietan oinarrituriko edukiak hartzen ditu barne, haurren interesei erantzuten die, ikasteei zentzua eta esanguratsutasuna ematen die... Haurren jakin-minetik abiatu egiten da eta ez du arloen bereizketarik egiten. Azken finean, diziplinartekotasuna bultzatzen du eta, modu horretan, pentsatzeko, garatzeko eta mundua ezagutzen joateko baliabide edo tresna bihurtzen dira arlo ezberdin horiek.

Aprendizai esanguratsua, bertzetik, ikasleen aurre-ezagutzen eta ezagutza berrien arteko erlazioan oinarritzen da. Prozesu honetan, ezagutza berriek zentzua hartzen dute ikaslearengan, eta aurretik zeuzkan ezagutzek, aldiz, zentzu berri bat eta egonkortasuna lortzen dute.

Beraz, etorkizunean programazioak egitea egokituko zaigunez, printzipio metodologiko hauek kontutan hartzekoak izanen dira. Bai dibertsitatea eta baita indibidualizaioa ere zaindu beharko ditugu eta haurren aurre ezagutzak ezagutu beharko ditugu, berriekin loturak egin ahal izateko eta, horietatik abiatuz, ikuspegi globalizatzaile batetik lan egiteko.

  


2016(e)ko martxoaren 14(a), astelehena

TXOKOETAN OINARRITUTAKO METODOLOGIA, martxoak 14

Arratsalde on berriz ere, irakurle! Aurreko batean proiektuka lan egitearen inguruan idatzi genuen. Gaurkoan, berriz, txokoetan oinarritutako metodologiaz arituko naiz.

Berriz ere aldez aurretiko ezagutzatik abiatu gara gelan eta, ekarpen txikien bitartez, ideia orokor bat eratu dugu ikaskide guztion artean. Gero, Begoñak bere adibide praktikoa erakutsi digu, metodologia hau hobeto ulertzeko  baliagarria izan dena. Hortik abiatuta, garrantzitsuena iruditu zaidana hemen biltzen ahaleginduko naiz.

Metodologia honetaz hitz egiten dugunean, jakin behar dugu txokoka lan egiteko modu desberdinak daudela; txokoak, espazioaren antolaketa, denboralizazioa, taldekatzea... kontutan hartuz gero.
  • Gelan aipatu denari jarraiki, txoko anitzak eta mota askotarikoak aurki daitezke: plastika txokoa, eraikuntza, liburutegia edo ipuinen txokoa, etxetxoa (joku sinbolikoa), mahai jolasak (non arauen asimilazioa zein kooperazioa sustatzen den), ordenagailuak, lan egiteko txokoa...
  •  Espazioa era desberdinetara antolatu daiteke.  Lehenengo kasuan, txoko ezberdinak gela bakar batean kokatuko lirateke, eremu ezberdinetan. Bertzean, aldiz, gela bakoitza txoko bat izango litzateke eta horien baitan azpitxokoak aurkituko genituzke. Bigarren adibide hau da, hain zuzen ere, *Bergarako ikastetxearen adibidean ikusi duguna.

          (*Behar izanez gero, laguntzazko irakaslea etorri hutsik geratzen den gelara)
  • Denboralizazioari dagokionez, aipatzekoa da txokoak egunero landu daitezkeela, baina bi  orduz gehienez ere. Hasiera batean, hauen errotazioari edo zirkulazioari begira zalantzak nituen, baina argitu ditudala erran dezaket. Izan ere, nola bermatu dezakezu haur bakoitzaren erritmoa errespetatzen duzula zirkulazioaren bitartez? Bada, irakaslearen papera agertzen da kasu honetan. Haur batek trebeziaren bat gehiago landu behar badu, edota bere garapenerako mesedegarriak diren jarduera ezberdinak burutzen baditu, txoko berdinean egoten utziko dio irakasleak. Aldiz, ttipiak jarduera edo eskema berdina errepikatzen badu behin eta berriro, txokoz aldatzera gonbidatua izango da.
  •  Irakaslearen papera laguntzailearena izango da eta egiteko ezberdinak edukiko ditu: jakin-mina sustatu haurrengan, baliabide berriak frogatzera animatu, joku-sinbolikoak jarraitu, galderen erantzuna bilatzen lagundu eta proposamen berriak luzatu, esaterako.       Aipatutakoez gain, niri oso garrantzitsua iruditzen zait hezkidetzari lekua egitea. Klasean erran bezala, joku-sinbolikoak aztertuz gero, gaur egungo gizarteko rolez josita daudela ohartuko gara. Pertsonalki, irakasleen esku-hartzea beharrezkoa ikusten dut kasu horietan; azken finean, gizartea aldatzeko bide edo tresna garrantzitsu gisa ikusten dut hezkuntza eta, zenbat eta lehenago hasi, orduan eta emaitza hobeak lortuko direla pentsatzen dut. Ondorioz, hezkidetzari eta berdintasunari hasieratik lekua egin behar zaiela sentitzen dut.
  • Taldekatzeari dagokionez, adibide ezberdinak ikusi ditugu gelan. Kasu batzuetan ez zen taldekatzerik existitzen eta haur bakoitza libreki mugitzen zen txoko batetik bertzera. Bertze kasu batzuetan, ordea, taldekatze ttipiak erabiltzen ziren, egonkorrak zein aldakorrak izan zitezkeenak. Honi lotuta, abantaila gisa erran beharra dago errazagoa suertatzen dela haur bakoitzaren interesak, zailtasunak, zaletasunak, gaitasunak... aurkitzea.

Gutxi gora behera, hori izan da aipatu denaren artean garrantzitsuena eta deigarriena iruditu zaidana. Baten bat azpimarratze aldera, denboralizazioa eta irakaslearen zeregina aipatuko nituzke, ateratako ondorioak garrantzitsuak iruditu zaizkidalako.

Amaitzeko, metodologia honek atzetik duen lana aipatuko nuke. Azken finean, material egokia aukeratzea, haurren beharretara moldatzea, txokoak antolatzea, ebaluazioa egitea... ez da inolaz ere lan erraza. Dena den, lan egiteko modu hau aunitz gustatu zait eta modu egokian jardunez gero, haurren autonomia lantzeko egokia izan daitekeela uste dut. Hortaz, gehiago sakontzeko gogoz gelditu naiz eta baita metodologia ezberdin gehiago ezagutzeko ere. Zuk zer diozu?

Nekane

2016(e)ko martxoaren 12(a), larunbata

Teoria-curricularrak eta curriculum-mailak

Kaixo,  irakurle! Gaurkoan teoria curricularrei eta curriculum maila ezberdinei buruz idaztea dagokit. Elkarjartze moduan burutzeko proposatuta zegoen hasiera batean jarduera hau eta,  espero zen bezala atera ez bazen ere, klasekideengandik entzundako eta jasotako ideiak biltzen saiatuko naiz.

Curriculuma hiru teoria curricularretan oinarritua dago: teknikoa, praktikoa, eta kritikoa:

  • Teknikoa: Irakasleak teknika ezberdinak aukeratuko ditu ikasleak hobetu dezan, hau da, estrategiak erabiliko ditu. Horrela, zenbat eta baliabide gehiago egon, orduan eta hobe izango da. Aipatzekoa da, gainera, ebaluazioak emaitzak besterik ez dituela hartzen kontutan.
  • Praktikoa: Teoria honen baitan, egiteari ematen zaio garrantzia. Aurrekoan ez bezala, emaitzaz gainera, prozesua ere kontutan hartzen da eta arras garrantzitsua da gainera.
  • Kritikoa: Irakasleak autokritikoa izan behar du eta ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatu behar du. Hausnarketa oso garrantzitsua izango da, jakin behar baita zergatik egiten ditugun gauzak, zertarako, horrek zer lotura egitera eramaten gaituen…  Gainera, testuingurua kontutan hartzea ezinbertzekoa da: irakaslea, ikastaldea zein ikasle bakoitza, lekua, denbora historikoa, egoera sozio-ekonomikoa...

Teoria bakoitzetik Curriculum mota ezberdin bat sortzen dela erran beharra dago. Zer da, baina, benetan curriculuma? Ikasketa prozesuarekin lotuta egoteaz gainera, momentu historikoarekin zein gizartearekin ere lotuta dagoela ezin dugu ahaztu; segun eta zein momentu eta lekutan egon, desberdina izango da. Testu liburuek, esaterako,  ez diete ikasle bakoitzaren beharrei erantzuten eta, beraz, hauek moldatzea interesgarria (beharrezkoa) da. Horri lotuta, ebaluazio irizpideak ere errealitatearen arabera egokitu behar direla aipatu beharra dago.

ZEHAZTAPEN MAILAK:
Curriculumaren zehaztapen mailei dagokienez, orokortasunetik zehaztasunera jotzen badugu, honako hau topatuko dugu:




1. Dekretua. LOMCE legea edota Heziberri      dekretua, esaterako.
2. Ikastetxeko proiektua.
3. Gelako programazioa.
4. Egokitzapenak (ACI).






Hau izan da dena gaurkoz, laister arte!

2016(e)ko martxoaren 8(a), asteartea

Martxoak 7, PROIEKTUETAN OINARRITUTAKO IKASKUNTZA

Arratsalde on berriz ere, irakurle!

Gaurkoan, bi taldeak (GA1 eta GA2) elkartu eta Haur Hezkuntzaren baitan proiektuetan oinarritutako ikaskuntzari buruz aritu gara. Lehenengo, talde txikietan bildu eta aldez aurretik gaiari buruz genekienaren inguruan hausnartu dugu, ikasteko falta zaigunarekin batera. Egia erran, gure taldetxoan ez genuen oso garbi zertan datzan proiektuka lan egiteak; baina, talde handiko hausnarketari esker eta, gerora, Begoñak azaldutako bi adibide praktikoei esker, aunitzez ere ideia argiago bat eratu dugu.

Lehenik eta behin, aipatu beharra dago proposamen ireki bat dela, bertze metodologia batzuetara txertatu daitekeena ; hots, globalizazioa eta aprendizai esanguratsua bezalako ezaugarriak aman komunean dituzten metodologietara. Horrez gain, ikaskuntza mota honetan,  haurren interesetatik abiatutako eta haietara moldatutako gaiak landu ohi dira, zeinak arlo desberdinetara egokitzen diren. Ez du zertan irakasleak aukeratutako gaia izan behar, haurren artean sortutakoa izan daiteke; bai haiek proposatutakoa, bai haien elkarrizketetan hautemandakoa ere.

Irakaslearen paperari dagokionez, ttipiengan jakin-mina sustatu behar du, beraien prozesuan gidaria izatearekin batera. Baina, gidaria erratearekin ez dugu esan nahi irakasleak umeen prozesuetan zuzenean eragin behar duenik. Helduak behatzailea izan behar du, umeen  gaitasunak eta interesak zeintzuk diren jakiteko eta prozesua nola doan aztertzeko. Horretarako, baliabide desberdinak eskaini beharko ditu, gainerako irakasleen arteko koordinazioa aurrera eramateaz gain.

Bertze aldetik, aipagarria da familien parte-hartzea.  Proiektuaren hasieran, gelan landu behar den gaiaren berri ematen zaie. Gainera, euren inplikazioa ezinbestekoa da haurrek gaiarekin lotutako materiala ikasgelara ekar dezaten.

Bukatzeko, aitortu behar dut oso lagungarriak eta esanguratsuak izan direla Begoñak azaldutako bi adibideak; azken finean, aunitzetan adibide deigarrien bitartez ikasten baitugu gehien. Lehenengo adibidean, egutegi bat hartu zuten oinarritzat proiektuan; bigarrenean, aldiz, futbola. Horrela, ideia interesgarriak eta originalak sortu ziren bi kasuetan, hala nola: egutegi propioak sortzea, kinielak nola egiten diren aztertzea, Athletikeko jokalari neska baten bisita jasotzea... Dena den, adibide praktiko gehiago ikusteko gogoz gelditu naiz. Ezagutzen al duzu zuk adibide praktikorik?


Hau izan da dena gaurkoz, zuen gustukoa izatea espero dut!

                Nekane

2016(e)ko otsailaren 21(a), igandea

Taldeko Emangarria

Aupa lagunok!

Gaurkoan, Irrien Lagunak taldea aurkezten dugu. Talde hau Nekane Astiz, Ane Alonso, Aiora Danboriena eta Leire Elizaldek osatzen dugu. Burutu dugun lan honetan gure Haur Hezkuntza garaiko zenbait momentu Curriculum ofizialarekin lotzen saiatu gara bakoitzak aukeratutako argazki batzuen arabera. Dakizuenez, Haur Hezkuntza bi ziklotan banatuta dago: zero urtetik hiru urtera bitartekoa da lehen zikloa, eta hiru urtetik sei urtera bitartekoa bigarrena. Loturak egiterako orduan, gure argazkiek bi ziklo hauetatik bigarren zikloko etaparekin amankomunean gehiago dutela konturatu gara, beraz, honetan zentratuko gara.

Curriculuma zati desberdinetan zatitzen saiatu gara, sailkapena ulergarriagoa izateko asmotan. Lehenengo, nortasuna eraikitzerako orduan dauden ideia desberdinak bat egiten ahalegindu gara. Egia da, ez dugula laurok batean ideia guzti horiek gure argazkiekin amankomunean lotzeko aukerarik izan, hala ere, badira batzuk identifikatuak sentiarazi eta lauron argazkietan islatzen direnak. Zentzumenak gorputza eta kanpo-errealitatea arakatzeko erabili ohi ditugula izan da ideia horietako bat, sentsazio eta pertzepzio desberdinak hautemateko edota ezagutzeko aukera emanik. Ideia zabal hau gehien bat gure haurtzaroan egin ditugun txango ezberdinekin lotu dugu. Honen guztiaren atzean lanketa bat eman ohi da, azken finean, ekintza aitzakiatzat erabiltzen baita zenbait helburu betetzeko.

Nortasuna garatzeko orduan, zentzumenetatik jasotzen duguna alde batera utzita, jolas sinbolikoa aipatu dugu. Denok ados gaude egoera erreal edo irudizkoak eta pertsonaia desberdinak antzeztu ditugula gure bizitzako momenturen batean, eta hau, guk aukeratutako argazkietan ageri da. Betiko jolasen inguruan aritu gara, hala nola, aita eta ama jolasak, panpinekin rol desberdinak, andereño eta ikasleetan … Txokolatezko txanponen bila egindako esplorazioak ezin dira aipatzeke gelditu, hauek ere joko sinbolikoaren iturri baitira.
                                         
Horrelakoetan, gorputza eta emozioak autoerregulatzen ikastea ere ona izaten da; dena den, pausoz-pauso eman beharreko garapena izan ohi da aipatutakoa. Hau lantzeko eta garapen hori aurrera eramateko gure argazkietan ageritako zenbait jarduera edota ekintza aipatu ditugu. Euskal dantza izan da horietako bat, gorputza lantzeaz gainera, ekitaldi baten aurrean, urduritasuna kontrolatzen ikasten ohi delako adibidez. Ospakizunak ere, iñauteriak eta Olentzero bezalakoak adibidez, ezin dira aipatzeke gelditu, askotan urduritasunak, poztasunak, jakin-minak… bat egiten dutelako. Bukatzeko, psikomotrizitate gelako Everest-a etorri zaigu burura, argazkietan ageri ohi den bezala, urduritasunaren eta ezin egonaren iturri izaten baitzen. Azken ariketa honek norberaren ahalmen motorrean dugun konfiantzarekin lotzeko balio izan digu, parte hartzea handitzeko garrantzitsua izanik. Horrelako ekintzek, gainera, ekintzarako ekimena eta trebetasun berriak ikasteko jakin mina sortarazten dutela ere ohartu gara.

Hala ere, lehen aipatutako emozioak autoerregulatzen ikasteaz gain, garrantzitsua iruditzen zaigu norberaren eta gainontzekoen sentimendu, emozio, oinarrizko behar eta interesak adierazteko, identifikatzeko eta erregulatzeko gai izatea, horrela, laguntza onartu edota hori bilatzeko ahalegina egiten dutelako haurrek. Ideia hau, goizero Ttantto, Txirritx eta Xangorekin korroan biltzean ageri dela antzeman dugu, bertan gure kezka, sentimendu, nahi edota antzekoak azaleratzeko aukera izaten genuelako. Horrela, gure beharrak adierazteko denbora genuen, besteenak ere entzunez eta identifikatuz.

Emozioak alde batera utzita, eskuen trebetasunean zentratuko gara. Etapa honetan, eskuen trebetasunak koordinatzen eta kontrolatzen hasten garela nabaria da eta horretarako, zenbait ekintzaz baliatzen dira irakasleak: jokoak, tailer desberdinak, Olentzero eta antzeko ospakizunekin loturiko eskulanak, Arrateko koadroa… Bertzetik, horrelako ekintzetan interesa izateaz gain, eguneroko bizitzarekin lotutako lanetan eta jolasetan laguntzeko interesa izatea ere garrantzitsua izan ohi da. Horretarako, ipuinak aipatu ditugu gure artean, Ttuttulu dortokaren zainketarekin  batera. Hala ere, ez da aski trebetasunak eta interesa ekintzetan jartzea. Eguneroko jarduera edo ekintzak antolatzeko ezarritako arauak onartzea eta balioestea garrantzitsua izanen da: siesta gelan pasatako orduetan esterillaren gainean lotan edota txangoetan, bete beharreko zenbait arau zeuden bermaturik aipatutako arlo honetan lagungarriak izanik. Antolakuntza aipatu dugula, ezin da plangintzan azaldutakoa aipatzeke gelditu. Haurrek bertan erabakitakoa betetzen eta errespetatzen ikasi behar dute, behar izanez gero, doituz. Horretarako, gelan egin izan ohi genuen arduradunaren papera arras garrantzitsua izanen da gure argazkietan aipatu bezala.

Bigarren multzo bezala, gizarte inguruan eman ohi diren hartu emanak sailkatu ditugu. Gure ustetan, pertsonen arteko harremanak eta komunikazioa lantzea argazki guztietan ageri den zerbait da; aipatzekotan, goizero egin ohi genuen korroa, Arratera eta beste zenbait lekutara egindako txangoak edota txokolatezko txanponen bila egindako esplorazioak ditugu. Komunikazioa edozein izkinetan eman ohi den zerbait da, hitzezkoa eta ez berbala izateko aukera izanik. Beraz, edozein momentutan komunikatzen ari garela nabaria da, une askotan elkarlana eta lankidetza ere azalduz. Aurreko ekintzez gain, antzerkian, euskal dantzetan edota klaseko kideekin batera egindako zapaburuen bilakaeran azaltzen den zerbait da.

Poliki-poliki jolasetan parte hartze eta ekimen handiagoa egon ohi da haurretan, eta horrela, ardura txikiak hartzeko gai izaten gara. Hau, adibidez, jolas ezberdinetan ikusten dugu, baita Setarrak edo Ttuttulu dortoka zaindu beharreko garai horietan ere, ardura handia iruditzen baitzitzaigun klaseko kide guztiei animaliatxo hauek zaintzea.

Honi guztiari esker, lotura afektiboak bilatu eta sortzen hasten dira eskolako haurren artean, enpatia jarrerei bidea emanez. Ospakizun ezberdinak (Olentzero, Santa Ageda, Danborrada, euskal dantzen ekitaldia, Iñauteriak, Orakunde, San Anton eguna…) izan ohi dira honen bultzatzaile, baita eskolatik at egin ohi diren irteera zein kanpaldi desberdinak ere; Arratera egindako txangoa eta zahar etxera egindako bisitak, esaterako. Beraz, nabaria den bezala, gai hauen inguruan horrelako lanketa eman ondoren, kultura adierazpenekiko interesa sortu ohi da haurrengan, hau curriculumeko bertze ideia esanguratsu bat izanik.

Bukatzeko, azkeneko multzotzat ingurune fisiko eta naturalarekin izan ohi ditugun hartu emanak ditugu. Espazioak behatzea eta bertako objektuak zentzumenen eta ekintzen bitartez arakatzea oso garrantzitsua izan ohi da haurrentzat. Gure kasuan, hau lantzeko modu desberdinak erabili ditugu. Adibidez, aukeratutako argazkietan ikus dezakegun bezala, egindako ibilaldiak, planetariora bisita, zooa eta txokolatezko txanponen bila egindako irteerak helburu hau lortzeko hagitz erabilgarriak izan dira.

Ingurune fisikoan ere, izaki bizidunak aurki ditzakegu eta honen inguruan zenbait esperimentu burutu izan ditugu gure geletan. Horren adibide nagusi izan dira zapaburuen eta setarren esperimentuak, beraien eboluzioa ikusteko aukera ematen baitute. Horrela, hauekiko hurbiltasuna bultzatzen dugu, horretaz gain, jaiotzaren eta heriotzaren arteko bizi-ziklora hurbiltzeko aukera izanik. Naturako elementuak ere landu ditugu bizitzako etapa horretan, eta horren adibide dugu udazkenean hostoak biltzea. Interesa sortu ohi da haurrengan, eta askotan, naturan ikusitako zenbait kontu galdera desberdinen iturri izan ohi dira, gelan lanketaren baten abiapuntu bihurtzeko aukera sortuz. Beraz, hau guztia modu entretenigarri eta dibertigarri batean lantzea aipagarria da, jolasa disfrutatzeko eta harremanak izateko bitarteko gisa balioesten baita. Edozein jolas izan daiteke baliagarria, hala ere, txokolatezko txanponen bila egindako espedizioak etorri zaizkigu burura.

Ondorioz, antzeman dezakegun bezala, bizipen garrantzitsuak ezkutatzen dituzten argazkiek lotura garbia dute Curriculum ofizialarekin. Hemen aipatutakoak, garrantzitsuenak izan direlakoan gaude, nahiz eta kontziente garen ideia gehiagoren islada ere badirela aukeratutako gure argazki horiek.


Gustatu zaizuelakoan, mila esker irakurtzen hartutako lanagatik! Hurrengora arte!!

2016(e)ko otsailaren 14(a), igandea

Haur Hezkuntzako argazkiak eta Curriculum ofiziala

Egun on irakurle! Gaurkoan, nire haur hezkuntzako  argazkien eta curriculum ofizialaren artean loturak egitea tokatzen zait. Ziur nago aunitzez ere lotura gehiago egin daitezkeela, baina nik identifikatu ditudan batzuk erakutsiko dizkizuet.

Curriculum ofizialean eduki multzo ezberdinak aurki daitezke, horien artean: nortasuna eraikitzea, hartu-emanak gizarte-ingurunean eta hartu-emanak ingurune fisiko eta naturalekin. Horien baitan hainbat azpi-puntu edo artikulu daude, erakutsi nizkizuen nire argazkiekin erlazionatu daitezkeenak.

Lehenik eta behin, ospakizunen multzoa hartu dut erreferentziatzat: Olentzero, Santa Ageda, Orakunde, Iñauteriak…  Hauen bitartez, esaterako,  lotura afektiboak bilatu eta ezartzen genituen adineko pertsonekin eta eskolako gainerako haurrekin; azken finean, gure antzerkiak, kantuak, dantzak edota bertsoak haiekin elkarbanatzen genituelako. Modu horretan, denbora luzez landutako eta lortutako emaitza komunikatzen genuen eta, bide batez, hurbileko gizarte-inguruneko kultura-adierazpenekiko interesa sustatzen zen gugan; hau da, euskal kulturarekiko. Horrez gain, emozioak autoerregulatzeko bidea ere ematen zuten ospakizun ezberdin hauek, zeinetan urduritasunak, ilusioak, jakin-minak, gogoak… topo egiten zuten.

Bertzetik, irteerei eta ibilaldiei dagokienez, kanpo-errealitatea arakatzeko baliagarriak zirela aipatu beharra dago, sentsazio eta pertzepzio ezberdinak ezagutzearekin batera.  Hain zuzen ere, txangoetan, espazioak behatzen eta arakatzen genituen eta baita bertako objektuak erabili ere, zentzumenen eta ekintzen bidez. Adibidez, udazkenean hostoak biltzera ateratzen ginenean, naturako elementuak behatzeko interesa pizten zen gugan eta haien ezaugarriak ezagutzen hasten ginen.

Irteerak alde batera utzita, goizero Ttantto, Txirritx eta Xangorekin burutzen genuen korroari iritsi zaio txanda. Bertan, norberaren eta gainerakoen sentimenduak, emozioak, oinarrizko beharrizanak eta interesak lantzen genituela aipatu beharra dago, pertsonen arteko harremanak eta komunikazioa bultzatzearekin batera (enpatia eta asertibitatea).

Autonomia dela eta, psikomotrizitate gelako Everestaren bitartez, gure gorputza autoerregulatzen ikasi genuela erran dezaket. Aurrerapen ttipi bakoitzari esker, gero eta konfiantza handiagoa  lortzen genuen norberaren ahalmen motorretan;  eta, gainera,  ekintzarako ekimena zein trebetasun berriak ikasteko jakin-mina sustatzen zen gugan. Bertze aldetik, Ttuttulu dortokari esker, parte hartzen ikasi genuen, eguneroko bizitzan ardura txikiak hartzearekin batera. Gainera, ezin da aipatzeke gelditu izaki bizidunen portaera, funtzio, ezaugarri eta aldaketa batzuk ezagutu genituela hari esker; eta jaiotzaren eta heriotzaren bitarteko bizi-ziklora hurbildu ginela ere erran beharra dago, haren heriotza bizi izan genuelako.

Amaitzeko, jolas sinbolikoaren bitartez  egoera errealak edo irudizkoak eta pertsonaiak (guraso, maisu-maistra, ikasle…) antzezten genituela aipatzea falta da. Gozatzeko eta harremanak izateko bitarteko gisa balioesten genuen jolasa.

Hau guztia erranda, ikus dezakegu nola gure haurtzaroko oroitzapen esanguratsuen atzean hainbat helburu ezkutatzen diren.


Hau izan da dena gaurkoz, zuen gustukoa izatea espero dut. Hurrengo bat arte!

Nekane

2016(e)ko otsailaren 13(a), larunbata

Otsailak 12, esaldiak abiapuntu

Arratsalde on, irakurle! Oraingoan gaurko klaseari buruz idatziko dizuet, zuen gustukoa izatea espero dut.

Gaurkoan azken klase teorikoa genuen, apirilera arte, eta hainbat esaldiren bitartez hausnarketa interesgarri eta aberasgarriak burutu ditugu; hasieran binaka, gero, taldean. Niri, pertsonalki, esaldi horietako bat deigarria iruditu zait, transmititzen duen itxaropenagatik eta gelan sortu den eztabaida interesgarriagatik.

              “La educación es el arma más poderosa para cambiar el mundo”                                
  Nelson Mandela

Gelan aipatu da ezbairik gabe arras garrantzitsua dela hezkuntza gizartean eta, zoritxarrez, ez dela behar bezala estimatzen. Bertze modu batera erranda, gehiago estimatu beharko litzatekeela; azken finean, gobernu aldaketekin etengabe aldatzen da haien eskutik hezkuntza sistema Espainiar estatuan.
Horri dagokionez, Finlandia dugu adibide garbi. Bertan, hezkuntza da gainerako gauza ororen ardatz. Politika alorrean aldaketak ematen diren bakoitzean ez da hezkuntza aldatzen, berdin mantentzen da, eta aldaketak izatekotan hezkuntzaren onerako izan ohi direla ere aipatu beharra dago.

Hala ere, azpimarratzekoa  da gure gizartean eman diren aldaketa nagusiek ez dutela zertan lotura zuzenik eduki araudiak zehazten duenarekin. Honekin erran nahi dudana da, legea kontra eduki arren edota hobekuntza nabarmenak behar dituen arren, beti badagoela zer egin. Horrekin lotu genezake, adibidez, curriculum ezkutua. Hezitzaile izango garen aldetik, zeharka transmitituko ditugun ideia edota balio horietan pentsatzen jarriz gero, ohartuko gara hezkuntza legediak erraten duenetik askoz ere haratago doala. Beraz, gure esku dago zerbait egitea.

Normalean eta historian zehar eduki itxiak/finkoak irakatsi izan dira eta ez zaio lekurik utzi pentsamendu kritikoa sustatzeari edo pertsonen sormena pizteari, adibidez. Zergatik izan daiteke hau? Bada, pertsonek kontzientziarik ez duten bitartean, gobernuek eta agintariek nahi dutena egin dezaketelako eta gizarteak ez diolako horri aurre egingo, kasu gehienetan injustizia sozial horiek ez baititu ulertuko.

Aldiz, hezkuntzaren bitartez aipatutako pentsamendu kritikoa sustatu daitekeela argi eduki behar dugu, pertsona sortzaileak eta ekintzaileak bultzatuz. Arras garrantzitsua iruditzen zait ikasleak zirikatzea, motibatzea, haiengan jakin-mina piztea... modu horretan, pertsona kontzienteak, konpetenteak eta kapazak eraikitzen lagunduz. Erran ohi da biderik luzeena ere pauso ttipi batez hasten dela eta, nire aburuz, kritikotasun hau bermatzea lehendabiziko pausoa da zerbait aldatu nahi badugu.

Horrez gain, itxaropena ezinbertzekoa dela pentsatzen dut; hezkuntza munduan eta baita  bizitzan orokorrean ere. Hein handi batean horrek bultzatu ninduen ni mundu honetan murgiltzera. Egungo hezkuntza sistemarekin konforme ez nagoenez, gauzak aldatzeko gogotsu nago. Dena den, erran bezala, legediak ez du dena determinatzen eta beti izango dugu zer egin, zer pentsatu, zer kritikatu, zer sortu eta zer eraiki.

Hau izan da nire gaurko hausnarketa xumea. Eta zuk? Zer pentsatzen duzu honen inguruan?

Nekane




2016(e)ko otsailaren 12(a), ostirala

Otsailak 5, hausnarketa

Pasa den ortziralean, otsailak 5, lau curriculum mota aztertu genituen: curriculum ofiziala, nulua, ezkutua eta erreala. Horrez gain, zenbait irudi abiapuntu hartuta, hausnarketan jardun genuen, kontzienteki edo inkontzienteki pasa ohi ditugun mezu subliminalen inguruan.

Curriculuma ikaskuntza-prozesu bat osatzen duten helburu, gaitasun, metodo eta ebaluazioen multzoa dela erran dezakegu. Aldi berean, mota ezberdinak daudela aipatzea komeni da, hona hemen horietako batzuk:

Curriculum ofiziala legediak babesten duena eta adostuta dagoena da. Paperean islatuta dago eta konpetentziak, helburuak, edukiak edo balioak, besteak beste, finkatzen ditu. Modu horretan, ikastetxe guztiei bideratua dago eta oinarri gisa hartzen dela erran dezakegu.

Curriculum nuluari dagokionez, ofizialean agertzen ez diren eta baztertzen diren edukiak barnebiltzen ditu. Horien artean aurki daitezke heriotza, sexualitatea edo askatasunaren gisako gaiak, adibidez. Hainbat arrazoi direla medio uzten dira aipatutakoak jorratu gabe. Pertsonalki, eta aurretik sarrera batean aipatu nuen bezala, nire ustez lantzen ez diren gaia hauek arras garrantzitsuak eta beharrezkoak dira; hezkuntzan tarte bat merezi dutenak, noski!


Bertzetik, curriculum ezkutua hezitzaileak zeharka ematen dituen mezu eta ikasteen multzoa izango litzateke, ofizialean zehazten ez dena. Bertan, adibidez, kontutan har ditzakegu irakaslearen ideiak edo ideologia, aurreiritziak, esperientziak... Aspektu guzti hauek ofizialean agertzen ez diren arren, haurrengan izugarrizko eragina dutela aipatu beharra dago.

Azkenik, curriculum errealak zentro bakoitzean lantzen denari eta benetan burutzen denari egiten dio erreferentzia.

Ikus ditzagun, orain, aztertu genituen pare bat irudi:

Argazki honetan, curriculum ezkutuaren kutsua nabaria da. Berez positiboa da landu nahi den kontzeptua; baina, aldiz, maistraren portaera guztiz kontraesankorra da. Biolentziaren aurkako  ideiak lantzen ditu biolentzia erabiliz. Horrela, erran nahi dena eta benetan berak egiten duena ez datoz bat.
Lantzen den edukiak eragina du ikasleengan, baina irakaslearen portaerak eta ekintzek ere pisu handia suposatzen dute haientzako. Hortaz, hezitzaileek euren jokabidea zaindu behar dutela argi dago.






Hona hemen aipatutakoaren bertze adibide garbi bat.







Laburbilduz, pertsonek (kasu honetan irakasleek) aunitzetan inkontzienteki balore desegokiak transmititzen dizkiegu ttipienei. Horren adibide garbia da  irakasle batek mutilak aukeratzea mahaiak eta aulkiak jasotzeko eta neskak, berriz, lurra  garbitzeko. Gisa honetako ekintzek, ohartu gabe egiten baditugu ere, eragina dute haurrengan eta , hezitzaile izango garen aldetik, hori jakitea funtsezkoa dela pentsatzen dut.

2016(e)ko otsailaren 4(a), osteguna

ARGAZKI ELKARRIZKETA

Haur Hezkuntza. Normalean erraz atzentzen ez den etapa, ezta? Zenbat momentu, txoko, objektu, pertsona... gogoan. Oraingoan nire haur hezkuntzako etapaz hitz egitea dagokit. Pertsonalki, denbora-tarte zoriontsu eta garrantzitsu gisa etortzen zait burura. Egia da momentu zailak egon, egon zirela; dena den, une goxoak eta alaiak errazago gogoratzen ditudala aitortu beharra dut.

Correa eta Aberasturi (2013) irakasleen arabera, maisu edo maistra izateko ibilbidean daudenek atzera-begiratzea zein introspekzioa burutzeko beharra dute. Hori dela eta, hona hemen nire oroitzapen goxo horietako batzuk!

Erran  bezala, Haur Hezkuntza etapa zoriontsu gisa gogoratzen dut. Dena den, erran beharra dago ez ditudala argazki gehiegirik aurkitu. Ia denak 3-6 ziklokoak dira eta, nola ez, irteera edota ospakizun berezietakoak gehienak.

Ildo horretatik, ilusioz gogoratzen ditut nire Ikastolan burutzen genituen jarduera osagarriak eta ospakizunak, hala nola: Olentzero, Santa Ageda, Orakunde, Iñauteak, Ikastolaren besta, San Blas, irteerak eta ibilaldiak...

Betidanik eman izan diogu garrantzia Olentzerori, adibidez. Kantak, bertsoak, dantzak eta gutunak prestatzen denbora dexente pasatzen genuela gogoratzen dut; a ze nolako ilusioarekin, gainera! Hortaz, garrantzitsua iruditzen zait gure kulturan errotuak dauden ohiturak mantentzea eta sustatzea.



Santa Ageda eguna ere ospatu egiten genuen Ikastolan. Norberak bere makila hartu eta etxez etxe, atez ate,  abiatzen ginen  gure kantuekin herriko giroa alaitzeko asmoz.


Aipamen berezia merezi du “Orakunde” edota “egun ttun-ttun” egunak. Ospakizun hau, oker ez banago, soilik Baztanen ospatzen dugu. Egun honetan hainbat jolas eta jarduera burutzen dituzte haurrek, elkarrekin bazkaltzen dute eta, azken jolas moduan, haurrek oilarra harrapatu behar dute egurrezko ezpata baten laguntzaz eta begiak itxita. Ondoren, dantzaldia egon ohi da, egun alai honi amaiera emateko.


Inauteriak ere ilusio bereziarekin prestatzen eta ospatzen genituen gurean. Olentzeroren kasuan bezala, denbora dexente eskaintzen genion mozorroak, abestiak eta dantzak prestatzeari. Egun arras polita eta dibertigarria zela gogoan dut. Azken finean, esfortzu handia suposatzen zuen guretzat ospakizun hori prestatzeak eta emaitzarekin ez ezik, prozesu guztiarekin ere oso gustura gelditzen nintzen.


Nire ustez, erran bezala, arras garrantzitsua da gure kultura maitatzea eta sustatzea, ohiturak errespetatuz eta gal ez daitezen bermatuz. Nire kasuan behintzat, ospakizun guzti hauek ilusioz gogoratzen ditut eta beti gogoan izango ditudala badakit. Horregatik, hezitzaile izango garen aldetik, egokituko zaigun herriaren istorioa eta kultura ezagutzea beharrezkoa dela pentsatzen dut.

Aipatutako ospakizunez gain, hainbat irteera eta ibilaldi ere burutzen genituen: udazkenaren gaia lantzen ari ginenean kanpora irteten ginen hostoak biltzera, Iruñeko planetariora joan ginen edota ardoa nola egiten zen ikasi genuen ibilaldi batean, esaterako. Jarduera dinamiko hauen bitartez pila bat ikasi genuela pentsatzen dut. Azken finean, oso dibertigarria suertatzen zitzaigun eta ekintza horietan aunitz gozatzen genuenez, momentu haietan ikasitakoa nekez atzendu zaigu. Gaur egun, esperientzia horietaz gogoratzen naiz, pentsa!

 

Hortaz, haurrei esperientzia anitzak eta aberatsak eskaintzea guztiz garrantzitsua dela pentsatzen dut, ilusioz eta motibazioz burutzen duzun horrek zugan eragin handia duelako.

Ospakizunak alde batera utziz, nire Haur Hezkuntzako bigarren zikloko bidailagunak aurkeztu nahi dizkizuet.

Alde batetik, Ttantto (mantangorria), Txirritx (kilkerra) eta Xango (matxinsaltoa)  ditugu. Etapa guztian zehar gurekin batera egon ziren eta gure lagun minak balira bezala ikusten genituen. Pertsonaia bakoitza adin bati zegokion eta gela bakoitzean beraien txotxongiloa zegoen, zeinarekin goizero-goizero elkarrizketa ezberdinak mantendu eta hainbat errutina burutzen genituen. Azkenean, hiru pertsonaia hauek nire haurtzaroaren ikur garrantzitsu bilakatu ziren.


Erran beharra dago, Haur Hezkuntzan autonomiarako pauso sendoak eman nituela. Egunero zenbait gauza erritu moduan errepikatzen genituen (adibidez, armairuan gure argazkiari buelta ematea eta nor falta zen ikustea). Erritu horien bitartez, pixkanaka-pixkanaka, segurtasuna sentitu nuen nigan. Hortik abiatuta, nire nortasuna eraikitzen eta finkatzen joan nintzen eta geroz eta erronka zailagoak jarri nizkion neure buruari. Psikomotrizitate gelan, esaterako, Everest partikular bat genuen. Hasieran ezinezkoa suertatzen zitzaidan goraino igotzea; baina, denborarekin eta saiakerak medio, helburua lortu nuen. Hortik aurrera, behin eta berriro errepikatu nuen prozesua seguru sentitu arte. Izugarrizko lorpena zen niretzat Everest mendia igotzea!




Autonomiari lotuz, bigarren aurkezpena egitea tokatzen zait orain: hona hemen Ttuttulu dortoka, gure lehenengo maskota (eta izugarrizko ardura, noski!).


Ttuttuluri esker ardurak hartzen ikasi genuela errango nuke: egunero bazkatu, nola zegoen ikusi, oporretan etxean zaindu... Behin, zoritxarrez, hil zitzaigun arte. Gure dortokaren heriotzak tristura izugarria suposatu bazuen ere, erran beharra dago abiapuntu gisa balio izan zuela heriotzaren gaiaz gelan hitz egiteko. Niri, pertsonalki, arras garrantzitsua eta interesgarria iruditzen zait emozioak eta gai ezberdinak ttikitatik lantzea. Horren adibide egokia da, adibidez, lehenengo lauhilekoan ikusi genuen Solo es el principio pelikula frantziarra (ikusi ez duenari gomendatzen diot).

Amaitzeko, joku sinbolikoak nire haurtzaroan izan zuen garrantziaz hitz egingo dizuet. Orduak eta orduak pasatzen nituen ttikitatik joku sinbolikoan edo imitazio diferituan. Aitortu beharra dut hasieratik erakutsi nuela interesa gainerakoekiko; izan ere, gehien gustatzen zitzaizkidan rolak edo paperak “amatxo”, “irakasle”, “mediku”... modukoak ziren. Pila bat gozatzen nuen jarduera honekin. Argazkian ongi bereizten ez bada ere, hor atzean duzue gure etxetxoaren txokoa. Zenbat ordu pasatu nituen nik bertan!


Laburbilduz, nire Haur Hezkuntzaren inguruko zenbait oroitzapen islatzen saiatu naiz eta hausnartu ondoren, zenbait ondorio atera ditut. Aipatu bezala, noizbait hezitzaile izatera iristen banaiz, argi dut lekuan lekuko kultura eta ohiturak ezagutu eta errespetatuko ditudala, haurrentzat eta beren nortasunarentzat alderdi garrantzitsua dela pentsatzen dudalako (nire kasuan bai, behintzat). Irakasle dinamikoa izaten saiatuko naiz, esperientzia anitzak eta aberatsak eskainiz nire ikasleei, horrela,  beraiek euren bizipenetatik ikasteko aukera izan dezaten. Horrez gain, bakoitzaren gaitasunak eta berezitasunak kontuan hartuz, egokitutako erronkak eta ardurak proposatuko nituzke, autonomia eta nortasuna finkatze aldera. Eta, amaitzeko, ikasleekin elkarlanean eta beraien interes eta kezketatik abiatuta, emozioak eta gai ezberdinak (heriotza, askatasuna, maitasuna, autoritatea...) lantzea gustatuko litzaidake. Zuek zer diozue?

 Hau izan da dena gaurkoz, zuen gustukoa izatea espero dut!

Nekane